Gogokoak

Asteazken gauero donostiatik iritsi eta afaldu bezain azkar, egunkaria hartu eta azkeneko orrialdera jotzen dut Jasone Osorok astero idazten duen artikulua irakurtzera. Egia esan, gustura irakurtzen ditut bere pentsamendu eta iritziak, modu batean edo bestean, hitzekin jolastuz errealitatea islatzea lortzen duelako. Nahiz eta artikulu gehienak politak izan, Apirilaren 11an idatzitakoa, bereziki, berezia zela ohartu nintzen, bertan idatzitakoarekin guztiz identifikatuta sentitu bainintzen. Hori dela eta, asteak aurrera joan ahala, artikulu interesgarrienak atal honetan idazten joango naiz, edozein unetan irakurri eta gogoratu ahal izateko.

Ostirala (2012-04-11)

Momentua etengabe bizi behar dela etengabe errepikatzen digute, oraina dela eskura daukagun bakarra, lehenaldia jada ez dela existitzen eta etorkizuna ez dakigula ezta iritsiko oten den ere. Eta halere, asteko egun bitan zentralizatzen ditugu gure gurariak, ametsak eta gozamenak. Bizi, ostiraletik igandera bitarteko parentesian bizi gara. Gainontzeko egunak asteburura iristeko zubiak baino ez dira eta pena da, ze gero sentsazioa dakagu denborak izerdiak bezala irrist egiten digula. Zuk planak egiten dituzun bitartean gertatzen zaizun hori da bizitza.
Hobe genuke astelehenak gehiago profitatuko bagenitu terraza batean garagardo bat hartuz zein ondo bizi garen ohartzeko.

Noizko? (2008-03-05)

Zenbat emakume hil behar dira genero indarkeria serio hartzeko? Urtea estreinatu berri dugu eta dagoeneko 15 emakume hil dira beraien bikote gorrotagarrien eskuetan. Eta badirudi, halere, ez dela kopuru nahikoa gaia serio hartzeko. Duela astebete, 24 ordutan lau eraso izan ziren eta, ondorioz, lau emakumeak hil egin ziren. Eta? Zenbat mobilizazio? Zenbat aldiz erabili zuten politikoek gaia hauteskunde- kanpainan? Terrorismoak eragiten duen heriotza bakoitzeko gizartea sutu egiten da. Halere, terrorismoak ez du genero indarkeriak beste heriotza eta eraso eragiten. Imajinatu lehergailu baten eztandak 4 pertsona zauritu eta hiltzen dituela. Telebista kate guztiek zuzenean emango zuten horren berri. Telebistetako saioak moztu egingo zituzten zuzeneko konexioak egiteko. Kontzentrazioak egingo ziren udalerri guztietan. Eta manifestaldi erraldoia antolatuko zen.
Bada, emakumeak hiltzen direnean ezta antzekorik ere. Bada garaia.
Genero indarkeria terrorismo hutsa da, maitasunaren aitzakia erabilita hiltzen dutenak terrorismo hutsak dira.  Noizko bizkartzainak mehatxutako emakume guztientzat? Noizko benetako justizia? Noizko kartzela zigor zorrotzak emakumeak hiltzen dituzten horientzat? Noizko? Emakumeak beraien bikoteak hiltzen hasten direnerako? Tamalez emakumeak ez gara horrelakoak, tamalez eta zorionez.

Sariak (2008-03-12)

Inbidia ematen dute aktoreek; alfonbra gorriaren edo berdearen glamourra. Soineko dotoreak. Orrazkera sofistikatuak. Badirudi beraien artean demaseko rollo ona dagoela. Inbidiak- eta existituko ez balira bezala.  Guztiak agertzen dira beraien irribarrerik zabalenarekin, profesio berekoek emandako sariekin pozik, lanaren errekonozimendua direla-eta. Zorionekoak beraiek, gustuko lana egin eta, gainera, saritu egiten dituztelako. Aizue, zergatik ez dira sariak ematen gainontzeko lanbideetan? Dentistek, ileapaintzailek edo igeltseroek zergatik ez dute saririk jasotzen? Halere, tarteka, aktoreen artean hainbat eta hainbatek antidepresiboak eta ansiolitikoak hartzen dituztela irakurtzen dut. Eta orduan konturatzen naiz ezetz, hobe dela pozik eta lasai bizi eta ondo lo egin, sariak eta alfonbra gaineko ametsak inguratzen dituen parafernalia sufritu baino.

Urrun (2011)

Zenbat eta urrunago egon, orduan eta gogo gehiago daukagu gertukoen berri izateko. Zenbat eta kilometro gehiagoko distantzia egon bien artean, orduan eta maizago deitzen diogu lagun edo senitarteko horri. Zenbat eta tarte handiagoa egon sorterriaren eta bizitokiaren artean, orduan eta errazago esaten dugu "sentitzen dut", "maite zaitut" edo "zure ondoan egon nahi nuke" bezalako esaldiak. Urruntzeak gerturatu egiten gaitu.
Gauden lekuan ondo ez gaudela sinetsita bizi gara maiz, atzerrian zeinen ondo bizi diren pentsatuz. Nahiz eta, jakin badakigun, atzerrira joango bagina berehala hasiko ginatekeela pentsatzen noiz itzuli ahal izango dugun. Atzerrian gaudenean, gure sorterriko paisaia askoz ederragoa ikusten da beti.

Kabroiak (2011)

kabroia behar du izan gizon batek emakume bati aurpegira azidoa botatzeko. Azala erretzeko. Begiak itsutzeko. Sudurra ezabatzeko. Beldurrak jota behar du bizi gizarte batek ekintza terrorista hori ez arbuiatzeko. Gizonen neurrira behar du izan legeak irudiaren erailketa hori ez zigortzeko. Eta halaxe da, izan. Oraindik orain, urtean ehunka emakumek nozitu behar izaten du erasoa. Gizonak, izan daiteke senarra, izan daiteke amorantea, gizonak, ezustean harrapatzen du emakumea eta, inolako abisurik eman gabe, azidoz blaitzen du neskaren aurpegia, lepoa, bularraldea ...
Azidoak gupidarik gabe zirrikitu guztiak miazkatzen ditu.
Min fisikoa pasa egiten da. Halakoxea da gorputza, pairatzen dituen egur ia gehienak gainditzeko gai. Baina ondorio psikologikoak ... horiek askoz iraunkorragoak dira. Eta aurpegirik eza ispiluan ikusteak segundo bakoitza madarikatzea dakar. Gertaturikoa gogoraraztea.
Inpresioa egiten du azidoaz erretako pertsona baten aurpegi desitxuratua ikusteak. Baina are eta inpresio gehiago egiten du emakume horien ezpain zirriborratuetan irribarrea sumatzeak. Bizitzen segitzeko intentzioa. Barkatzeko jarrera nabaritzea. Ororen gainetik, bizirik daudela eta bizitzen jarraitu nahi dutela jakiteak.
"Maite" zuten emakumearen aurpegia eta irribarre xaloa ezaba dezakete. Munstro bihur dezakete neska baten itxura ederra. Baina eme horien ahotsa, hori ez du inoiz hilko kabroi batek.

Zoriona (2012)
Minbiziak jota egon zen garaia ederra izan zela esaten entzun nion behin neska bati, irribarre batekin. Eta gauza bera esan du berriki Concha García Campoy kazetariak ere: " emozionalki oso etapa garrantzitsua izan da eta, pasatakoak pasata ere, halere, ederra". Gaixotasun larririk bizi izan ez dugunoi harrigarriak egiten zaizkigu horrelako aldarrikapenak, izan ere, zoriontasuna beti lotzen dugu osasunarekin edo ilusioekin, eta ez gaixotasunarekin. Zerbait behar du egon gizakiaren buruan zer eta unerik larrienetatik bizipen ederrak ere ateratzeko. Bularra galdu duenak, kimioterapia saioak nozitu izan dituenak, ilea nola erortzen zitzaion ikusi duenak esatea bizi izan duen guztiak une askotan irribarrea atera diola, benetan aztertzeko moduko zerbait da. Eta, pentsatzen dut, irribarre hori sortzen duena maitasuna dela. Horrelakoak gara pertsonak, ingurukoren bat gaizki dagoenean, gaixorik dagoenean, beste inoiz baino gehiago hurreratzen gara, eta zenbat behar dugun, zenbat maite diogun esaten diogu; animoak emateko, irribarrea ateratzeko. Horrek egiten du zoriontsu gizakia: maitasunak.
Izan ginen ume txikiak gure baitan jarraitzen du bizitza osoan, horregatik, jendeak zenbat maite gaituen eta estimatzen gaituen esateak indarra ematen digu; eta emozioen indarra da zorionik benetakoena ematen duen motorra.







No comments:

Post a Comment